Bézier matxinada II: GUERRILLA GIRLS
Aurtengo martxoaren 8a dela eta, artearen historia gogoratu nahi dut.
Arte Ederretako ikasketak egiten ari nintzela, GUERRILLA GIRLS izeneko artista feministen eta arrazakeriaren aurkako artisten talde anonimo honen berri izan nuen.
1985ean, New Yorkeko MOMAk erakusketa bat egin zuen. Bertan, 169 artistak hartu zuten parte; horietatik 13 baino ez ziren emakumezkoak.
Mende amaieran emakume artistek artean presentziarik eta errekonozimendurik ez zutela egiaztatzean, kolektibo hori sortzea erabaki zuten desberdintasun hori salatzeko.
Adin eta etnia desberdinetako emakume anonimoek osatzen zuten talde hori, tximino-maskarak zeramatzaten eta GUERRILLA GIRLS izena hartu zuten. Emakume artistek ez ezik, arte-historialariek eta arte-galeriako komisarioek ere osatzen zuten talde hau.
King Kong pertsonaian inspiratutako tximino-maskarekin ezkutatzen zituzten bere aurpegiak, gizonezkoen nagusitasunaren ikur gisa.
Beren hitzaldi publikoetan, hildako emakume artisten izenordeak erabiltzen zituzten, hala nola Frida Kahlo, Käthe Kollwitz, Lee krasher eta abar, haien lorpenak aldarrikatuz.
Haien mezuak ironiaz beteta zeuden eta emakume artistek jasaten zuten diskriminazioa salatu nahi zuten.
1989an New Yorkeko Metropolitan Museum-en aurrean kartel bat jarri zuten. Kartel horrek zera zioen: “Emakumeek biluzik egon behar al dute Met-en Museum-an sartzeko?. Arte modernoko sailetako artisten % 5a baino gutxiago emakumeak dira, baina biluzien % 85a emakumezkoak dira.”
Kartelean, Ingres margolanaren biluziaren “ Gran odalisca” irudia ageri zen tximino-maskara batekin, eta emakumeak desira-objektu gisa duen estereotipoaren aurkako kritika zen.
Gaur egun, GUERRILLA GIRLS ez dira existitzen bere jatorrizko formatuan. Hiru talde daude horrela deitzen direnak eta beren burua beren oinordekotzat aldarrikatzen dutenak. Talde bat teatrala da eta beste biak arte bisualekoak dira eta emakumeak artean jasaten duten marjinalizazioa ere salatzen dute.